Berriak

Helburuak beteta datoz Pou anaiak Perutik

Bide bi edegi ditue eta lehenengoz bat eskalada librean.

Eneko eta Iker Pou anaiek The North Face 4 Elementu proiektuaren bigarren etapan euren helburuak lortu ditue: bide bi edegi eta pareta baten lehenengo igoerea egin dabe eskalada librean.

Yaku Mamako bidea izan da egin daben lehenengoa, Amazonaseko departamenduan.

Zerain izan da bigarrena Andeetan. Ibilbide hau Alberto Zeraini eskaini nahi izan deutsie, izan be, mendizalea uda honetan Himalayan desagertu zan. Pou anaien arabera, bide hau gure ibilbideko garrantzitsuenetakoa izan da, mendia 5.200 metroko altuerakoa da eta eskalautako hormea 860 metro luze da eta zortzi graduko zailtasunekoa.

Bide bi honeekaz batera, Andeetan be Qui lo Vado Ancora modu librean eskalau dabe; hori egin daben lehenengo eskalatzaileak dira Pou anaiak.

Gasteiztarrak hilebete egon dira Murtziako Manu Ponce eta Kordobako Pedro Galanegaz batera Perun. Pou anaiak pozik azaldu dira egin dituen jardueren kalidade eta kantidadeagaitik. Zalantzarik barik gure ibilbideko espedizino onenetakoa izan da.

Alberto Zerain eta Jonatan Garcia mendizaleek Annapurna ( 8091 ) igo dute!

2017ko maiatzaren 11an, goizeko 6:30etan ( Euskal Herrian ),
Alberto Zerain eta Jonatan Garcia mendizaleek Annapurna ( 8091 m )
mendiko gailurrera iristea lortu zuten.
Hurrengo erronka Nanga Parbat ( 8125 m ) mendia igotzea dute begi bistan.
Horretarako Pamir ( Pakistan ) aldera hegan egin beharko dute jarraian,
duten aklimatazioa aprobetxatuz.

Alberto Zerain mendizale gasteiztarraren 10 zortzimilakoak:

  • 1993: Everest ( 8848 m )
  • 1995: Makalu ( 8465 m )
  • 2001: Lhotse ( 8501 m)
  • 2006: Gashembrun I ( 8047 )
  • 2006: Gashembrun II ( 8035 )
  • 2008: K2 ( 8611 m )
  • 2009: Kangchenjunga ( 8586 m )
  • 2016: Dhaulagiri ( 8167 m )
  • 2016: Manaslu ( 8156 m )
  • 2017: Annapurna ( 8091 m )

Albertori falta zaizkion 4 zortzimilakoak:

  •  Nanga Parbat ( 8125 m )
  • Cho Oyu ( 8201 m )
  • Broad Peak ( 8047 m )
  • Shisha Pangma( 8027 m )

AUPA 40!

Aupa_40-Iker_Pou-Eneko_Pou-hermanos_Pou-Aguja_Guillaumet-Patagonia-The_North_Face_4_Elementos_EDIIMA20170228_0240_20

Patagoniako Guillaumet Orratzean euskal sinadura berria . Otsailaren 4an, Eneko eta Iker Pouk  «Aupa 40!» bidea zabaldu zuten. Gasteiztarrek hamar ordu behar izan zituzten marra hori sortu ahal izateko. Gasteiztarrek hilabete egin dute El Chaltenen. Esku artean hainbat xede zituzten, baina hango udan izaniko eguraldi makurrak helburua aldatzera behartu zituen.

Euskal sokadak dioenez, soilik egun bateko eguraldi ona izan dute, eta bera ondo aprobetxatu zuten Guillaumeten 525 metroko bide bat sortzeko. Zailtasun teknikoei dagokienez, aurreratu behar da sei luzetan biltzen direla: M7, 85° eta V+.

Nahiz eta beste asmo bat izan, azkenean Guillaumeten jardun zuten: «Orratz horrek makina bat bide ditu, baina haren ekialdeko aurpegian sekzio handi bat ukitu gabe zegoen. Eta, jakina, guk zeozer zabaltzeko aukera ikusi genuen. Bide berri bat sortzeko ageriko tarte bat da, eta harritu gintuen oraindik handik inor pasatu ez izana».

Bestalde, gasteiztarrek esan dute bide guztia garbi-garbia utzi dutela: «Bide berria seguru finkorik gabe utzi dugu. Uste dugu marra bitxia geratu zaigula, besteak beste, mistoko luzeak arraroak eta babesteko zailak zirelako. Diedroak, tximiniak… bai, bitxia. Esku artean beste xede batzuk izan arren, Guillaumet Orratzean egin dugunarekin zortea izan dugu».

Euskal espezialistek bloke bikainak egin dituzte

1123

 

Itziar Zabalak, Baltzolan, «Solaris» (8a+) egin du; gradu horretako bere lehen blokea izan da. Bien bitartean, Araotzen, Markel Mendietak «Eskerrik asko» (8c) sinatu du. Eta Iker Pouk, honek ere Baltzolan, «La trave de Arroita» (8c+/9a) egin du.

Zabalak etxetik minutu batzuetara duen koban jo eta su jardun du. Helburua “Solaris” (8a+) izan da. Ez da berria, ezta gutxiagorik ere. Duela hamarkada bat baino gehiago zabaldu zen, eta garai hartan zein gaur egun bloke hori egin dutenek gogorra dela baieztatu izan dute. Bada, hamar mugimendutik pasatzen ez den “Solaris” hori bere zerrendan sartu du dimoztarrak. Ez da harritzekoa, beraz, dimoztarraren poza. Izan ere, Euskal Herrian zein gure ingurumarian horrelako lorpenak ez dira ikusten.

Bitartean, Araotzeko bere txokoan, Mendietak jo eta su jardun du helburu gogor batean. “Eskerrik asko” du izena. Berez, bloke hori aspalditik du patrikan, baina hari luzapen bat gehitu dio. Eta pasa den azaroan bloke horren korapilo guztiak askatu eta ondoren guztiak lotzea erdietsi zuen. Bloke horrentzat 8c proposatu du. Mendietak aurreratu du “Eskerrik asko” egiteko erresistentzia landu behar izan duela. Arrasatearrak argi dauka bloke hori gainditu ahal izateko hasiera-hasieratik oso fin ibili behar dela.

Eta azken protagonistak, Pouk, beste biek ez bezala zeharkaldi baten aldeko apustua egin du. Baltzolako klasikoa da: “La trave de Arroita”. Duela hamarkada pasatxo hura egitea lortu zuen. 40 mugimendu baino gehiago eta 18 metro ditu, eta haren zailtasuna 8c da (zeharkaldien eskalan). Ondoren, Pou gai izan zen zeharkaldi horren aldaera bat egiteko; zailagoa baina gradu berekoa. Baina protagonista honi “La trave de Arroita”-ren bertsio zailena eta naturalena egitea falta zitzaion. Hots, itsatsita duen harria erabili gabe. Harri hori ukitu gabe zeharkaldi osoa egin zuen lehena Dani Andrada izan zen, eta bertsio berriarentzat 8c+/9a proposatu zuen. Erresistentzia handia eskatzen duen ariketa horren bigarrena Iban Larrionena izan zen. Eta pasa den azaroan, Pouk buruan zuen xede zahar horren hirugarrena lortu zuen.

Zerainek, bederatzigarrena

zerain

Alberto Zerain Manaslu mendiko (8.163 m) tontorrera iritsi zen urriaren 4ean. Mendigoizalearen bederatzigarren zortzimilakoa da —hamalau dira guztira—. Igoera oso gogorra izan da, haize zakarrak eta eguraldi makurrak saialdia asko zaildu dutelako. Hamabi orduko igoeraren ondoren zapaldu zuen gailurra.

Alberto Zerain 2x14x8000 espedizioaren barnean igo zen Manaslura. Juanito Oiartzabalekin batera abian jarritako egitasmoa da, baina, Oiartzabalen osasun egoera dela tarteko, bakarrik bidaiatu du oraingoan. Irailean hasi zuen Manasluko (Nepal) espedizioa, eta ez da batere erraza izan; besteak beste, duela sei egun tontorrerako bidez aldatu behar izan zuelako

Laugarren kanpamentutik aurrera, Zerainek Galvanek utzitako lorratza jarraitzeko aukera izan zuen. Laguntza handia izan zen, mendizale gasteiztarrak azaldu zuenez, haize zakarrak ikusmena asko zailtzen zuelako. Mendi ertzean gora abiatu zen zen tontorrera Zerain. Ordurako, Galvanek gailurra zapaldua zuen, eta beherako bidea hasia. Tontorretik gertu gurutzatu ziren.

Zerain Euskal Herrian 12:30 zirenean heldu zen tontorrera. Minutu gutxi egin zituen bertan. Eguraldi makurrarekin ezinezkoa zen han luzaroan egotea, haizearen erruz hotz handia egiten zuen. Jaitsiera bizkorra egin zuten mendizaleek, hori zen asmoa. Eguraldi horrekin onena zuzenean oinarrizko kanpamentura jaistea zela ikusi zuten.

«Marejada Fuerza 6» bideak puntu gorria jaso berri du

pou

Picu Urrielluko mendebaldeko paretan duela 31 urte zabaldutako marra (A4) askatu dutenak Eneko eta Iker Pou anaiak eta Neus Colomizan dira. 12 orduko saioan eskalatu dute. Gehienez 8a+ zailtasuneko luze bat gainditu behar izan dute arrisku handiko ahaleginean.

ARRISKUTSUA

Nahiz eta zailtasun teknikoari dagokionez gehienez ere 8a+ den, Pou anaiek benetako garrantzia ematen diote bai bideak duen arriskuari bai eskatzen duen konpromisoari.

EGUNEAN

Hiru hilabeteko lana izan da, eta aldez aurretik luze guztiak banan-banan kateatu zituzten. Alabaina, helburu nagusia behetik hasita egunean eskalatzea zen, eta azken saioan 12 orduan lortu dute.

ERA ASKEAN

Neus Colomek eta Eneko eta Iker Pou anaiek Picu Urrielluko mendebaldeko paretan dagoen «Marejada Fuerza 6» bideari puntu gorria jarri diote.

Alberto Zerainek Dhaulagiriko gailurra zapaldu du

zerain

Erronka hau 2x14x8000 proiektuaren barruan kokatzen da eta Juanito Oiarzabalekin batera, munduko 14 zortzimilakoak birritan igotzea du helburu.

Alberto Zerain eskalatzaile arabarrak Dhaulagiriko (8.167 metro) gailurra zapaldu du, bere zortzigarren zortzimilakoa. Hamar ordu baino gehiago behar izan ditu mendizale gasteiztarrak, eta lortutakoa Juanito Oiarzabali eskaini dio, neumoniak jota, igoera bertan behera utzi behar izan zuena.

Mariano Galvan argentinarrarekin batera lortu zuen tontorra. «Intentsitate handiko igoera izan da. Oso gogorra izan da, haizearen eta pilatutako elurraren eraginez».

Oiarzabal eta Zerain mendizale arabarrek apirilean martxan jarri zuten 2x14x8000 espedizioa, munduko 14 zortzimilakoak birritan igotzea helburu duena. Horretarako Dhaulagiri, Broad Peak, Shisha Pangma eta Nanga Parbat igo beharko dituzte.

Juanito Oiartzabalek berehala zoriondu zuen Zerain, Dhaulagiriko beheko kanpalekutik. «Izugarri poztu naiz albistearekin; ondo merezita daukazu. Hemendik, lagun, zorionak, eta eskerrik asko igoera honen parte bihurtzeagatik. Itzuliko gara».

Euskal Mendizaletasunaren Museoa

Harreman estua eta antzinakoa da euskal herritarrek mendiarekin dutena. Horrek, urteen poderioz, hainbat material sortzea eragin du: argazkiak, dokumentuak, kirol materiala… Bada material hori guztia jaso, kontserbatu, zaindu eta erakusteko bat egin dute Aranzadi Zientzia Elkarteak eta EMMOA Fundazioak.

emoa“Euskal mendizaletasuna babesteko”. Hala bataiatu dute EMMOA Fundazioak (Euskal Mendizaletasunaren Museoa) eta Aranzadi Zientzia Elkarteak sinatu duten hitzarmena.

Hitzarmena, beraz, memoria historikoan espezializatua dagoen elkarte batek eta Euskal Mendizaleen Federazioaren babespean mendiak utzi duen ondare historikoa biltzeko asmoz jaio den fundazioak sinatu dute. Helburu nagusia 100 urtez baino gehiagoz alpinistek, eskalatzaileek, eskiatzaileek eta abarrek sortutako milaka argazki, dokumentu eta kirol material gorde eta herritarrek kontsultatu ahal izateko moduan jartzea litzateke. Hori, Aranzadik Donostiako Intxaurrondo auzoan izango duen egoitza berrian egin ahal izango litzateke.

Hitzarmenaren ondorioz, urteetan zehar mendia zapaldu duten belaunaldi ezberdinen «sekretu, usain, bizipen eta abarrak» jaso eta hurrengo belaunaldiei transmititzeko moduan izango dira. Ildo horretan, memoria historikoa jasotzeari dagokionez urteetan pilatutako esperientzia guztia jarriko du EMMOAren esku Aranzadik.

Behin martxan, baina, mendiari loturiko ondasunei dagokionez museoa erreferentzia gune garrantzitsu bilakatuko da. Mendiak ezagutzeaz batera, bertan izan diren mendizaleak ezagutzeko aukera ere emango du museoak.

emoa-2Aranzadik Intxaurrondo auzoan izango duen egoitza berrian egongo da EMMOAren material guztia. Donazio bidez funtzionatuko du Euskal Mendizaletasunaren Museoak. Horren lekuko, Alex Txikon, Alberto Zerain edota Juanito Oiarzabalek egin dute jada euren donazioa

Txikonen oinatza historian (2016komartxoa)

txikon

Alex Txikonek Nanga Parbaten (8.125 metro) neguko lehen igoera lortu du, Simone Moro italiarrarekin eta Ali Sadpara pakistandarrarekin.

Gogoangarria izango da Alex Txikonek Pakistanen egindako. Aurrerantzean, alpinista lemoarraren izena ere egongo da zortzimilakoen neguko lehen igoerak egin dituzten alpinista handien zerrendan. Guztiak baitira alpinista eta izen handiak: poloniarrak gehienak (Krzystof Wielicki, Jerzy Kukuczka, Adam Bielecki…), Simone Moro italiarra, Denis Urubko kazakhstandarra eta Cory Richards estatubatuarra. Txikonek Nanga Parbaten (8.125 metro) neguko lehen igoera lortu du, Simone Mororekin eta Ali Sadpara pakistandarrarekin batera. Espedizioko laugarren kideak, Tamara Lunger italiarrak, atzera egin zuen gailurrera iristear zela. Nanga Parbat igoz gero, lehen emakumea izango litzateke zortzimilakoen lehen igoeren zerrendan.

Hamar ordu behar izan zituzten igotzeko eta sei laugarren kanpalekura bueltatzeko. Txikonek eta sokalagunek zortzimilako bat igo dute, Txikonen hamaikagarrena. Baina neguan igo dute. Hotza hotzago denean, haizea haizeago eta ekaitza ekaitzago. Mendia bera da, baina neguak aldatu egiten du.

Goi mailako alpinismoa neurri batean urruntzen ari da zortzimilakoetatik, zortzimilakoetatik beherako erronka berrien bila, zortzimilakoetan egin daitekeen gehiena eginda dagoelako. Hala ere, zormitzilakoetan lortzeke zeuden erronken artean baziren bi nabarmen: Nanga Parbaten eta K2ren neguko igoerak.

Bilbao Mendi Film Festival jaialdiak 

Bilbao Mendi Film Festival 2015eko irabazlea “Unbranded” izan zen. Hauxe da gainontzeko irabazleen zerrenda: “Urzulo” Euskarazko Film Onena, “High and mighty” Film Labur Onena, “Sunakali” Kultura eta Naturari buruzko Film Onena, “Jurek” Alpinismoko Film Onena, Eliza Kubarska zuzendari onena, “A line across the sky” Eskaladako Film Onena, “Reach your limits” Kirol eta Abenturazko Film Onena, “Snowman” Gidoi Onena, “Meru” Argazkilaritza Onena, “Suspentes et cordes de violon au Pakistan” Epaimahaiaren Saria eta “Jeff Lowe’s Metanoia” Ikuslearen Saria.

mendi film

Honako hauek dira pelikula batzuen ezaugarriak:
‘Jeff Lowe´s Metanoia’: Ikuslegoaren saria. 2014, USA, 78 min, JB: EN, AZP: EU+ES, Jim Aikman. Jim Aikman-ek Jeff Lowe alpinista ospetsuaren bizitza kontatzen du: bere igoera utopikoekin kirol honen gailurrean iritsi zenekotik hasi, mendiko bakarkako eskalada ausartenak eragin zuen gainbeheratik igaro, eta gaur egun pairatzen duen endekapenezko gaixotasunera heldu arte. ‘Metanoia’-k, Jeff-en bide imajinaezin berriak (Eiger-eko ipar horman negu gorrian bakarka), bere bizitza aldatu zuen eta inoiz bizi izan duen abentura handienerako prestatu zuen.
High and Mighty: Laburmetraia onena. 2015, USA, 18 min, JB: EN, AZP: ES+EU, Nick Rosen. Erortzeak lesio larriak eragin ditzakeeneko ‘Highball’ bat eskalatzea ez da jende ahularentzat. Modalitate abangoardista honi zailtasun maila igotzen badiogu, kontrola zeharo galdu daiteke. Ezagutu ezazu Daniel Woods-en borroka epikoa beldurra gainditzeko eta hautatu duen ‘Highball’a eskalatzeko: ‘The Process’.
Jurek: Mendiko film onena. JB: PO, AZP: ES+EU, 2015, Polonia, 73 min, Pawel Wysoczanski. Dokumentalak Jurek Kukuzka-ren bizitza erakusten du, bai literalki bai metaforikoki. Oinetako garbitzailea izatetik aberatsa bilakatzera, langile sozialista izatetik hedabideen izarra bihurtzera, dirurik eta baliabiderik gabe igotzen hastetik ‘Himalaiako koroa’ lortzen lehena izateko lehian egotera.
A line across the sky: Eskaladako film onena. 2015, USA, 40 min, JB: EN, AZP: ES+EU, Josh Lowell. Fitz Roy-ren zeharbidea bilatuenetarikoa da gaur egungo alpinismoan: zazpi gailur eta 4.000 metroko eskalada bertikala dituen bidaia korapilatsua. Nork imajinatu zezakeen hain dibertigarria izan zitekeela? Elkartu zaitez Tommy Caldwell eta Alex Honnold-ekin Urrezko Pioleta irabaztera eraman zituen bidaia interesgarri – eta batzuetan barregarri- honetan.

Comments are closed