MENDIRA JOATEKO AHOLKU BATZUK
Mendia toki arriskutsua izan daiteke, eta beraz, arrisku horri aurre egiteko prest egon behar da. Hona zenbait aholku:
Norbaitek esana da mendikoa ezagutza gehien eskatzen duen eta aldi berean arau gutxien dituen kirola dela. Esaldi horren bitartez adierazi nahi da mendian hamaika egoera desberdinekin topo egin dezakegula eta erantzuna, askotan, norberaren araberakoa izango dela. Baina horrek ez du esan nahi segurtasun neurri batzuk kontuan hartu behar ez direnik. Mendia, ez ahaztu, inguru arrotza eta arriskutsua da guretzat.
Segurtasun neurririk eraginkorrena norberaren prestakuntza da. Zenbat eta gehiago jakin, zenbat eta zure burua gehiago prestatu, orduan eta hobeto.
Mendiko arriskuaz babestea, batez ere, mendira joan aurretik egin beharreko lana da: jantzi eta oinetako egokiak eraman, ibilbidea ondo ezagutu eta prestatu (eguraldia, tokia…), elikadura zaindu, botikina eraman, zure asmoez jendea ohartarazi. Planifikazioa, finean. Gauzak aldez aurretik ondo prestatuz gero, mendian oso ohikoak diren hainbat arazo saihestu edo, behintzat, haien eragina leunduko dugu.
Hotza
Ergelkeria dirudi, baina garrantzizkoa da: hotzak ez izateko, ondo jantzita joan behar dugu mendira. Batez ere, kontuan izan behar da barneko kamisetak izerdia kanporatu behar duela. Horretarako, ez du kotoizkoa izan behar. Gainerako jantziek isolatzaile termiko funtzioa izan behar dute, eta kanpokoenak, berriz, haizeaz babestu behar gaitu. Izan ere, haizeak hotza areagotu egiten du eta izozte arriskua handitu. Haizearen abiadura zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da gorputzak sentitzen duen hotza.
Beroa eta eguzkia
Beroari aurre egiteko, argi dago: jantzi gutxi eraman ezazu, hobe pisu txikikoak, eta kolore argidunak. Eta eguzkiari dagokionez, ez ahaztu betaurrekoak janztea eta aurpegia, besoak, hankak kremaz igurtzea. Behar izanez gero, burua estali.
Lainoa
Mendira igo baino lehen motxilan sartu duzun iparrorratza zure lagunik onena izango da, lainoaren erruz galduz gero. Eta iparrorratzik ez baduzu? Orduan, bidea jarraitzen ahalegindu zaitez. Ezinezkoa bada, zeuk aztertu ibiltzen jarraitzeak, ingurunearen ezaugarrien arabera (arrakalak, amildegiak), nolako arriskua duen. Sarritan, hobe da geldirik egotea eta itxarotea. Lainorik gabe galduz gero, bietako bat: herriren bat hurbil badago, beherantz jo, nonbaitera iritsiko zara eta; bestela, punturik altuenera igo, ikuspegi hobea izateko.
Elurroldea
Gaur egun erraza da aldez aurretik elurrolde arriskua ezagutzea. Interneten ere begira daiteke. Dena den, elurrolde arriskua duen leku batean bazabiltzate, ez joan elkarrengandik hurbilegi; utzi hamabost metroko tartea taldekideen artean, eta motxila sorbalda bakar baten gainean eraman (elurroldea datorrela ikusiz gero, askatu). Gogoratu elurrolde arriskua handiagoa dela elurra egin berri duenean, eguerdiko orduetan eta hegoalderantz begira dauden maldetan.
Tximista
Ekaitz elektrikoak harrapatzen bazaitu, bota metalezkoa denguztia, eta urrundu hartatik. Ez gelditu inguruko tokirik garaienean, ez eta zuhaitz bakartien alboan edota leizeen sarreretan. Tximistak bilatu egiten ditu toki horiek. Jo ezazu behealdeko baileretara. Ordekan bazaude, kukubilko jarri, burua makurtuta eta eskuak zoluan paratu gabe, hanka azpian isolatzaile elektriko bat duzula (soka adibidez).
Erorikoak izotzean
Beraz, bi gauza behar dira: pioleta eta entrenamendu apur bat.