andutz eta lizarreta

Datorren astean, Gipuzkoarantz abiatuko gara, Izarraitz aldera. Bertan Andutz, Saltsamendi  eta Lizarreta tontorrei helduko diegu.

ANDUTZ

Ipar-hego norantzan luzatzen den mendialde baten burua da Andutz, 612 metrorekin. Hegoalderago, Urrutzuko lepoaz lotuta, Saltsamendi izeneko beste tontor bat gailentzen da, metro gutxiko aldearekin, 599 metrorekin. Zailtasunik gabeko kilometro bat dago bien tartean, larre eta arkaitzen artean. Aipagarria da ekialdeko isurialdea estaltzen duen artadia, PR atsegin batek zeharkatzen duena, tontorrez tontor ibili eta basoan barrena itzuli nahi izanez gero.

Kondairak dioenez, Itziarko eliza erakitzen ari zela, jentilak harriak bota zituzten harantz. Huts egin zuten, ordea, eta harriak Andutzetik Saltsamendira dauden parajera erori ziren, eta egun ikus daitekeen harrigunea osatu zuten.

LIZARRETA

Deba Barreneko Tontor gehienak bezala kare-haitzezko mendia dugu Lizarreta. Mendi apala da, ez da gehiegi nabarmentzen parez pare dituen Arno eta Andutzen artean eta ezugarri nabarmenik ere ez du: gailurraren inguruetan kare-haitza nagusitzen bada ere, txarak estaltzen du gehiena, Itziar aldeko pinu eta pago sail batzuk kenduta. Tontorrean erpin geodesikoa eta buzoia ditu, txara nagusitzen ari den eremuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude