amaritu eta armikelo

Amaritu mendi apala da eta ez dago Gasteiztik urruti, baina ingurune bakartia dirudi, basatia. Artadiak estaltzen du ia gehiena eta lur-azala urratuta dauka han-hemenka, baina ibiltzeko leku erosoa da, bide ugarik zeharkatzen baitute baso lehor hori. Mendialdea mendebaldera luzatzen da, Armikelo eta Arrato aldera, eta igoera arin eta errazeko mendiak direnez, neke handirik gabe heldu daiteke haietara ere, inongo zailtasunik gabe. Ibilbide ederra egin daiteke, esaterako, Apodakatik abiatu, Amaritu (erpin geodesikoa, buzoia), Armikelo (buzoia), Arrato (erpin geodesikoa, buzoia) eta Murgian amaituz.

Aldapa leuneko mendia da Armikelo, ibiltzeko erosoa eta atsegina. Doi-doi harrotzen da gainaldeko ertza, mendebaldeko isurialdearen gainean, baina larrea da nagusi bestela gainaldean. Altura beretsuko beste gain bat ageri da Iparrekialdean: Arrato, bere buzoi eta erpin geodesikoarekin. Gorabehera txikia dago bien artean eta erraz joan daiteke hara ere. Ibiltzeko inguru egokiak dira eta merezi du ibilbidea luzatzea.

Bada, antza denez, nahaste handi xamarra Arrato (Mojón de Arrato) eta Armikelo artean, izan ere mapa batzuetan izenak lekuz aldatuta ageri dira. Joxean Gil Garciak dio Hegoekialdekoa dela Armikelo eta Arrato bestea (eta Joxeanek jakingo du). Altueratan ere leku batzuetan bata bestea baino altuago dela ageri da eta beste batzuetan alderantziz (biak igo behar badaezpada eta, esan bezala, ez da lana).

Ibilaldia egin eta gero, Murgiako jatetxe batetan bazkalduko  dugu. Apuntatzeko, azaroaren 13 arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude