Balentria historikoa egin du Txikonek, Manasluko gailurra neguan zapalduz
Araudi berriaren arabera, Txikonena da Manaslura neguan egin den lehenengo igoera: hau da, abenduaren 21a eta otsailaren 28a bitartean
Alex Txikon urtarrilaren 6an iritsi zen Manasluko gailurrera (Nepal, Himalaia, 8.163 metro). Haren bigarren zortzimilakoa izan da neguko espedizio batean. 2016an, Nanga Parbat igo zuen (Pakistan, Karakorum, 8.125 metro). Oraindik goiz den arren, ez du baztertzen besteren bat igotzea.
Alex Txikonek azkenean lortu du Manaslu mendira neguan igotzea (8.163 metro), oxigeno artifizialaren laguntzarik gabe, “oso nekatuta gaude, baina guztiz hunkituta”. Lehen bi saiakeretan ikasitakoari esker erabaki zuten aurkezten zitzaien lehen aukerarako prest egon behar zutela
Abenduaren 26an iritsi zen Manasluko oinarrizko kanpalekura —5.000 metrora—, lehen aukera izan orduko igotzeko prest. Urteberriarekin eguraldia egonkortu egingo zela iragarri zuten. “Hauxe zen espero genuen aukera”, adierazi zuen Txikonek. Urtarrilaren 4an zuzenean igo ziren bigarren kanpalekura (6.400 metrora), “1.500 metro inguruko desnibela egin dugu. Ibilbidea oso gogorra izan da haizeagatik eta ekartzen genuen material guztiarengatik”
Bigarren kanpalekuan atseden hartu zuten, eta urtarrilaren 5ean igo ziren hirugarren kanpalekura —7.000 metrotik behera—. Bertan igaro zuten gaua, jarraitu beharreko estrategia aztertuz.
Gorka Karapetok Zeleputza ‘9a+ lortu du, bere biderik gogorrena
Azken erronka joan den igandean izan da da. Zeleputza Hoya de la Lezen (Ilarduia) kateatzea da bere lehen 9a+ eta, ondorioz, kirol-eskaladan egin duen biderik zailena.
Zeleputzak zerikusi handia du azken bide horrekin. Egia esan, Zeledon txikitik 8c+ hasten den ibilbidea da, jarraian zuzen jarraitzeko Harroputzaren bigarren zatitik. Iker Pouk jantzi zuen, baina lehen igoera Jonatan Florek egin zuen, 2021eko abuztuan. Uda hartan bertan, Alex Garrigak lehen errepikapena egin zuen, eta Gorka Karapeto ere oso gertu geratu zen.
Kateatu duzun biderik gogorrena da?
Graduari dagokionez, bai. Maila honetako bide bakarra da benetan probatzeko aukera izan dudana eta motibatu nauena.
Ez zaitu graduak mugitzen?
Bai, graduak mugiarazten nau, bere neurrian eta askori bezala, baina etxetik gertu bide bat izan behar duzu, probatzeko motiba zaitzana.
Pou anaiek bi bide berri egin dituzte Andeetan, hiru egunetan
Peruko Cordillera Blanca mendikatean egin dute, Urus mendietan. Hanan Pacha eta Emmoa izenak eman dizkiete bi bideei. Lan zaila eta arriskutsua izan da, baina, azkenean, ondo burutu ahal izan dute.
Andeetako espedizioa bikain hasi dute Pou anaiek , eta atsedena hartu ordez, gasteiztarrek, oraingo honetan Micher Quitorekin, izaera alpinoa duten bi marra ireki dituzte.
Ez dira Mendilerro Zuritik irten. Esplorazioak Mendebaldeko Urus mendiaren (5.450 m) orratzetara eraman ditu: «Orratz horiek bisita gutxi izan dituzte, eta, hainbat aukera aztertu ondoren, ohartu gara zailtasun handiko marrak zabaltzeko aukerak zeudela. Hortaz, iazko esplorazioak emaitza eman du».
Sei orduko hurbilketa bidea egin eta gero, hirukotea Mendebaldeko Urus-eko kanpaleku nagusira (4.900 m) heldu zen. Lehen bideari dagokionez, zortzi ordu eta erdiko lana eskatu zien: «Elur freskoan borrokatu behar izan genuen, eta onartu behar dugu girora ez geundela ondo egokituta. “Hanan Pacha” (90º , 425 m) deitu diogu».
Jarduera hori bukatu eta biharamunean, esploratzen jarraitu zuten. Orratz guztien artean Mendebaldeko Urus III aukeratu zuten: “Atsedena hartzea egokiena zen, baina, oso motibatuta geundenez, beste eskalada bati ekin genion. Orratz hori oso bertikala da, eta ez du ibilbide samurrik. Zazpi orduko jardunaren ostean, “EMMOA” (M6, 75º, 640 m) sortu genuen. Hots, euskal mendizaletasunaren museoaren omenez. Ez gaude ziur, baina orratz horren lehen igoera izan daiteke”.
Egiten ari diren espedizioaren inguruan, Pou anaiek onartu dute pozik daudela oraingoz lortutako emaitzekin: «Urus mendian egin dugun esplorazioa bikain atera zaigu; izan ere, bi bide sortu ditugu. Horri, gainera, “Aupa Gasteiz” marraren puntu gorria gehitu behar diogu».
Mikel Zabalza, Iker Madoz eta Mikel Inoriza Dorje Lhakpako tontorrean
Nepalgo Himalayan dagoen Dorje Lhakparako (6.966 m) espedizioak bere helburu nagusia lortu du gaur, mendiaren gailurrera iritsi baita hegoaldetik ibilbide berri bat eginez. Mikel Zabalza gailurreko kordadako kide izan da Iker Madoz eta Mikel Inorizarekin batera. Larunbatean abiatu zen CBtik eta estilo alpinoan egin du igoera.
Hiru alpinistek euren planak aurreratu dituzte, aurrerago haizete indartsuak iritsiko direlakoan. Horren ordez, baldintza oso gogorretan borrokatu behar izan dute, azken aste honetan inguru horretan bota dituen elurte gogorren ondorioz. Mikel Zabalza, Iker Madoz eta Mikel Inoriza saiatu behar izan dira elurrez betetako lur-eremu batetik arrastoa irekitzen.
Baldintza horiek ere aldaketa eragin dute hasierako planean, mendebaldeko ertzaren ohiko bidetik jaistean, alegia. Hiru mendizaleek igoerako bide beretik jaistea erabaki dute, eta 6.100 metroko altuerako kanpamentuan atseden hartzen gelditu dira, astearte honetan, urriak 26, kanpamentu nagusiraino jaisten hasi aurretik.
Iker Pouk ‘Guggenheim Handia’ 9a+: “Benetako maratoia” ebatzi du
Mallorcan bizi den eskalatzaile gasteiztarrak bide horren xehetasunak azaldu ditu, eta ‘Guggenheim’ 9a aterabide zailago bat gehitu dio, eta aldaera berri batzuen potentzialaz ohartarazi du. Eta hori, espedizioekin eta alpinismoarekin amets egiten duen arren.
Mallorcan bizi den eskalatzaile gasteiztarrak Gran Guggenheim 9a+ ebatzi du, Guggenheim 9aren hiru aldaeretako bat, duela urtebete berak estreinatutakoa, pandemia hasi baino pixka bat lehenago.
Berak bere sare sozialetan azaldu duenez, bidea “Guggenheim 9a (nik hornitua) eta Gran lubre (Palanca) arteko bigarren luzea lotzetik sortzen den benetako maratoia da”. Erresistentzia handiko ildoa da, eta ahalegin handia egin behar izan du: “Ez da erraza izan kirolarekin motibatzea, zure amets eta helburu guztiak urrun zeudenean, baina beti egokitu behar da eta egoera bakoitzari ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatu”.
Bide luzea da. Ibilbideari dagokionez, gutxienez 45 metro soka edo gehiago direla esango nuke. Eta ehun esku-mugimendu baino gehiago izango ditu, niri 25 edo 30 baino luzeagoak ez diren bideak gustatzen zaizkidanean.
“Egia esan, hasieran oso deseroso sentitu naiz. Batez ere, itota. Ez nuen erresistentzia nahikorik, eta pixkanaka irabazi behar izan nuen. Erortzen nintzenean, erabat lur jota nengoen, ezin nuen urrats bat gehiago ere egin. Pixkanaka, irabazten joan nintzen, txapaz txapa… hori dute erresistentzia-bideek, erresistentzia hori irabazten joan dakizkieke-eta, eta ez indarrekoak bezala, zailagoak baitira irabazten. Sumatzen nuena da bide erdian nengoela, hiltzen ari nintzen egarriz. Ezin zuen hitz egin ere egin. Kateamenduaren kolpean, bide erdian txikituta nindoan; gero pixka bat berreskuratu nuen belaun batekin, eta arnasa hartu ahal izan nuen “.
Iker Pouk “Zoroen Gunea” igon dau
Poutar txikiena, Iker, Mallorkan eskalada librean 9a zailtasuneko Zoroen gunea bidean ibili ostean, tontorrera heltzea lortu dau. Honezkero 20 urte daroez hormetan gora eta behera.
Orain 20 urte Ikerrek Accion Direct bidea erabiliz igon eban goraino, orduko kirol eskaldarik gogorrenetakoa eta ikusgarrienetakoa (Gaur egun be eskalatzaile asko dabiz hor).
Ordutik hona, besteak beste, Baing The Sang 9a (2.003), Demencia Senil 9a+ (2.010), Nit de Bruixes 9a+ o 9b (2.012, errepetizino bakarra), Celedón 9a o 9a+ (2.012), Big Men 9a+ (2.015, errepetizino barik), Artaburu 9b o 9b+ (2.018, errepetizino barik) lako bideak edegi ditue.
Zoroen gunea Alikanteko José Luis Palao ekipau eban. 25 metroko bide gogorra da, buruz behera joateko tarteak ditu, atzamarrak sartzeko leku txiki bildurgarriak eta atzamar bakarragaz egiteko pasabideak. Danetarik dauka.
Horrezaz gan, orain urtebete Ikerrek Artaburu lehenengoz igon ebanetik ez dau inork igon.
Mistoko bide gogor berria Tozal de Riperaren ipar horman
Mikel Zabalza, Iker Madoz eta Alberto Fernandez izan dira «Julia»-ren egileak. Baldintzak lagun, marra berria sortu ahal izateko, bi eguneko eskalada egin behar izan zuten; urtarrilaren 5 eta 6an. 700 metro luze da eta honako zailtasuna du: ED, 6a, M6 eta 90º.
Hori da, beraz, piriniozale horiek aurkezten diguten proposamena. Bi eguneko lana egin behar izan zuten marra berri hau biribildu ahal izateko, “Julia” hirugarren saiakeran amaitzeko. Beste bietan luze batzuk zabaldu zituzten, baina zenbait arrazoirengatik paretatik jaitsi behar izan zuten. Protagonistek diote kalitate handiko mistoko proposamena dela. Baldintzak lagun izan dituzte.
Hilaren 5ean sartu zen sokada hau paretan. Lehen luzeak ezagutzen zituztenez, arazorik gabe heldu ziren bibaka egingo zuten lekura: «Elur zelaitxo batera iritsi ginen, baina oraindik denbora izan genuen beste luze bat zabaltzeko. Hura sokarekin finkatu, bibakera jaitsi eta gaua igarotzeko prestatu ginen. Nire sokakideek aurreko saiakeretan eskalatutako luzeei beste bizpahiru berri gehitu genizkien. Bigarren eskalada egunean, berriz, den-dena berria zen. Tontorrera ia arratsaldeko ordu bietan heldu ginen»
Martin Urrutia eskalatzailea
Eskalada lehietan behin baino gehiagotan aipatu dugu haren izena, baina 19 urteko elorriarrak argi utzi du kirol eskaladan ere maila handia duela. Eta horixe erakutsi du joan den urriaren 26an Gaubean (Valdegovia) sinatutako «Psikoterapia» bidearekin. Gaztearen lehen 9a izan da.
Euskal Herrian nire estilokoak diren 8c+ mailako bide gutxi daude; horregatik, «Psikoterapia» hartu nuen xedetzat.
«Psikoterapia» marraren zailtasunari garrantzia ematen diot, baina are gehiago xede horretan egin dudan prozesuari.
Nahiz eta aurretik ez dudan 8c+ graduko marrarik, 9a mailara egin dudan saltoa nabaritu dut. Alabaina, uste dut marra hau nahiko azkar egin dudala.
Honey Moon», Taghiako proposamen berria
Neus Colom eta Iker Pou dira egileak. Oujdad-eko hego-mendebaldeko paretan 330 metroko bidea (7b+) zabaltzeko lau egun behar izan zituzten. Estiloari dagokionez, behetik ireki dute eta, paraboltak badiren arren, babesteko tresneria eraman behar da.
Mallorcarra eta arabarra bikotekideak dira eta joan den maiatzaren 4an ezkondu ziren. Eztei-bidaia klasiko bat egin ordez, Colomek eta Pouk Marokon dagoen Taghiara bidaiatu dute.
“Honey Moon” zabaltzeko lau egun behar izan zituzten. Bederatzi luze dira, eta halabeharrez 7a gainditu behar da. Taghian dauden zailtasuneko beste marra batzuekin alderatuta, teknikoki ez da oso gogorra. Luze zailena 7b+ gradukoa da; eta, besteak beste, badu 7b, 7a+ eta 7a bana. Horrekin esan nahi dugu paraboltak badituela, baina ez goitik behera. Hortaz, bidea egin nahi duenak bere burua babesteko tresneria eraman beharko du. Batez ere, 0,1 eta 2 neurriko friend-ak.
Pixkanaka bada ere, Thagiako hormatzarretan gero eta euskal sinadura gehiago izaten ari dira; hots, euskal eskalatzaileek zabaldutako marra berriak. Pouri dagokionez, dagoeneko bi ditu. Eneko anaiarekin “Agur” zabaldu zuen iaz; oraindik kateatu gabe dago. Eta joan den maiatz honetan, Colomekin batera, “Honey Moon”.
“KOLISEUM” bide berria
«Koliseum», beste urrats bat zailtasuneko pirineismoan
Ekaitz Maizek eta Mikel Zabalzak Taxeras mendiaren ipar aurpegian Pirinioetako bide gogorrenetariko bat zabaltzea lortu dute. 380 metro luze da, eta ABO zailtasuna proposatu dute: M10/A3/90º. Behetik zabaldutako marra hau oso garbia da.
Nafarren proposamen berriak bi zati ditu: erori handiko kobazulo bat eta goulotte handi bat. 380 metro luze da, eta ABO gradua jarri diote (M10, A3, 90º).
Zabaltzeko estiloari dagokionez, alpinistok lehen bileretan paraboltak jarri dituzte, eta progresioan oso gutxi. Beraz, konpromisoa duen marra da.
Ekaitz Maizek eta Mikel Zabalzak Taxeras mendiaren ipar horman dagoen «Koliseum» bidea sortu dute. Bi saio behar izan dituzte, eta otsailaren 17an biribiltzea erdietsi zuten.
‘Artaburu’ bidea egin du Iker Pouk
Eskalatzaile gasteiztarrak sei urte zeramatzan bidea osatu nahian. “Kirol eskaladan egin dudan biderik zailena da”, esan du.
Margalefen dago bide hori, Herrialde Katalanetan. Sapai ia laua da, 15-20 metroko isuria du, eta hura osatzeko behar izan dituen bost minutuetatik gehienak hatz bakarretik zintzilik egin ditu Pou anaietan gazteenak.
Bide hau eginda, urte bikaina osatu dute Pou anaiek. Izan ere, bide bat ireki dute izotzean, Norvegian; Agur bidea Marokoko Atlasean; Leve Leve eta Nubivagant bideak Sao Tomen; eta Kolpez kolpe eta Babe Magnet bideak Mallorcan (Herrialde Katalanak). Eneko Pouk, halaber, Polvorilla bidea egin du Tarragonan (Herrialde Katalanak).
Himalaiako 6.801 metroko mendia igo dute Mikel Zabalza , Joseba Larrañaga, Alberto Fernandez eta Iñaki Arakistain mendizaleek
Euskal kutsua duen bide bat sortu dute Drangna-Ri mendian. Joan den urrian, Iñaki Arakistain, Joseba Larrañaga, Mikel Zabalza eta Alberto Fernandezek seimilakoaren hego-mendebaldeko ertzean «Bizipenak» bidea (ED+, 2.000 m) zabaldu zuten. Ertz horren lehendabiziko igoera da, eta mendiaren hirugarrena.
Laukotearen marra mendiaren hego-mendebaldeko ertzean sortu zuten. Denera 2.000 metro luze da. Zailtasuna, berriz, ED+ da.
Protagonistek diote Rowaling haranean dauden mendi askok bisita oso gutxi jasotzen dituztela. Euskal alpinistek Drangna-Ri mendiaren hirugarren igoera eta hego-mendebaldeko ertzaren lehena sinatu dituzte.
Nepalgo Drangna-Ri mendian zabaldutako bideak «Bizipenak» izena du. Bidearen egileak lau euskal alpinista izan dira: Iñaki Arakistain, Joseba Larrañaga, Mikel Zabalza eta Alberto Fernandez.
Himalaiako mendian irailaren 25etik urriaren 28ra bizitako esperientzia:
“Oso mendi handiak dira. Burua asko okertu behar da mendiak ikusi ahal izateko”
“5.800eko altueran lo egin genuen, eta han nahiko lan izaten genuen lotarako. Arnas estua eta buruko mina antzematen zen altueragatik”
“Kanpinera iritsi ginenean konturatu ginen han gordeta genuen janaria animalia batek kendu zigula. Sekulako disgustua hartu genuen”
Pou Anaiak Cao Granderen tontorrean!
Afrikako suaren erronkatik bi sari ekarri dituzte etxera
Cao Grande orratzean, Eneko eta Iker Pou anaiek eta Manu Poncek «Leve Leve» bidea zabaldu eta ingelesen marra askatu dute.
BI SARI
Eneko eta Iker Pou anaiek eta Manu Poncek Sao Tome eta Principe uhartean dagoen Cao Grande orratzean «Leve Leve» bidea zabaldu eta «Nubivagant» edo ingelesen marra era askean igo dute.
«LEVE LEVE»
Bide hori «Lau Elementuak» izeneko proiektuaren bigarren etaparen xede nagusia izan da. 12 luze ditu (450 m), eta 8b+ zailtasuna du.
«NUBIVAGANT»
Lehen erronka biribildu ostean, hirukoteak ingelesen marrari puntu gorria jartzeko aukera izan zuen. 13 luze ditu, eta kirol eskaladako kutsuarekin zabalduta dago.
‘Agur’ bidea zabaldu dute Pou anaiek Marokon
400 metroko luzera eta 8. mailako zailtasuna du Atlasean irekitako bideak.
Atlas mendilerroan bete dute beraien azken erronka Pou anaiek. Taghia (2.000 metro) izeneko herri inguruan kokatutako mendietan egin dute 20 eguneko lana eta azkenik “Agur” izeneko bidea zabaltzea lortu dute. Hain zuzen ere, “Agur” izena jarri diote bideari, aurtengo neguan Pirinioetan elur-jausi batek harrapatuta zendu zen Borja Ayed mendizalearen omenez.
Kanpamentu nagusitik hiru orduko ibilbidea egin behar izan dute 20 kiloko motxila astunak eramanda eta arrazoi horregatik zenbait gau mendi magaleleko leizezulo txiki batean bibak eginda igaro dituzte.
Bide berria 2.400 metrotan hasten da eta 400 metroko luzera du. Zailtasun ugari izan dute Pou anaiek eta 8. mailako zailtasuna egokitu diote bide berriari.
Pou anaien hurrengo abentura Lau Elementu proiektuekin lotuta egongo da, uztailan. Hala ere, udazkenean Taradrate hormara berriro joango direla aurreratu dute, bide gehiago zabaltzeko asmoz, izan ere, inguru horren ikusgarritasuna eta kalidadearekin pozarren bueltatu dira, munduan horren ospetsua den Naranjo de Bulneseko hormekin konparatu dute.
Helburuak beteta datoz Pou anaiak Perutik
Bide bi edegi ditue eta lehenengoz bat eskalada librean.
Eneko eta Iker Pou anaiek The North Face 4 Elementu proiektuaren bigarren etapan euren helburuak lortu ditue: bide bi edegi eta pareta baten lehenengo igoerea egin dabe eskalada librean.
Yaku Mamako bidea izan da egin daben lehenengoa, Amazonaseko departamenduan.
Zerain izan da bigarrena Andeetan. Ibilbide hau Alberto Zeraini eskaini nahi izan deutsie, izan be, mendizalea uda honetan Himalayan desagertu zan. Pou anaien arabera, bide hau gure ibilbideko garrantzitsuenetakoa izan da, mendia 5.200 metroko altuerakoa da eta eskalautako hormea 860 metro luze da eta zortzi graduko zailtasunekoa.
Bide bi honeekaz batera, Andeetan be Qui lo Vado Ancora modu librean eskalau dabe; hori egin daben lehenengo eskalatzaileak dira Pou anaiak.
Gasteiztarrak hilebete egon dira Murtziako Manu Ponce eta Kordobako Pedro Galanegaz batera Perun. Pou anaiak pozik azaldu dira egin dituen jardueren kalidade eta kantidadeagaitik. Zalantzarik barik gure ibilbideko espedizino onenetakoa izan da.
Alberto Zerain eta Jonatan Garcia mendizaleek Annapurna ( 8091 ) igo dute!
2017ko maiatzaren 11an, goizeko 6:30etan ( Euskal Herrian ),
Alberto Zerain eta Jonatan Garcia mendizaleek Annapurna ( 8091 m )
mendiko gailurrera iristea lortu zuten.
Hurrengo erronka Nanga Parbat ( 8125 m ) mendia igotzea dute begi bistan.
Horretarako Pamir ( Pakistan ) aldera hegan egin beharko dute jarraian,
duten aklimatazioa aprobetxatuz.
Alberto Zerain mendizale gasteiztarraren 10 zortzimilakoak:
-
- 1993: Everest ( 8848 m )
-
- 1995: Makalu ( 8465 m )
-
- 2001: Lhotse ( 8501 m)
-
- 2006: Gashembrun I ( 8047 )
-
- 2006: Gashembrun II ( 8035 )
-
- 2008: K2 ( 8611 m )
-
- 2009: Kangchenjunga ( 8586 m )
-
- 2016: Dhaulagiri ( 8167 m )
-
- 2016: Manaslu ( 8156 m )
- 2017: Annapurna ( 8091 m )
Albertori falta zaizkion 4 zortzimilakoak:
-
- Nanga Parbat ( 8125 m )
-
- Cho Oyu ( 8201 m )
-
- Broad Peak ( 8047 m )
- Shisha Pangma( 8027 m )
AUPA 40!
Patagoniako Guillaumet Orratzean euskal sinadura berria . Otsailaren 4an, Eneko eta Iker Pouk «Aupa 40!» bidea zabaldu zuten. Gasteiztarrek hamar ordu behar izan zituzten marra hori sortu ahal izateko. Gasteiztarrek hilabete egin dute El Chaltenen. Esku artean hainbat xede zituzten, baina hango udan izaniko eguraldi makurrak helburua aldatzera behartu zituen.
Euskal sokadak dioenez, soilik egun bateko eguraldi ona izan dute, eta bera ondo aprobetxatu zuten Guillaumeten 525 metroko bide bat sortzeko. Zailtasun teknikoei dagokienez, aurreratu behar da sei luzetan biltzen direla: M7, 85° eta V+.
Nahiz eta beste asmo bat izan, azkenean Guillaumeten jardun zuten: «Orratz horrek makina bat bide ditu, baina haren ekialdeko aurpegian sekzio handi bat ukitu gabe zegoen. Eta, jakina, guk zeozer zabaltzeko aukera ikusi genuen. Bide berri bat sortzeko ageriko tarte bat da, eta harritu gintuen oraindik handik inor pasatu ez izana».
Bestalde, gasteiztarrek esan dute bide guztia garbi-garbia utzi dutela: «Bide berria seguru finkorik gabe utzi dugu. Uste dugu marra bitxia geratu zaigula, besteak beste, mistoko luzeak arraroak eta babesteko zailak zirelako. Diedroak, tximiniak… bai, bitxia. Esku artean beste xede batzuk izan arren, Guillaumet Orratzean egin dugunarekin zortea izan dugu».
Euskal espezialistek bloke bikainak egin dituzte
Itziar Zabalak, Baltzolan, «Solaris» (8a+) egin du; gradu horretako bere lehen blokea izan da. Bien bitartean, Araotzen, Markel Mendietak «Eskerrik asko» (8c) sinatu du. Eta Iker Pouk, honek ere Baltzolan, «La trave de Arroita» (8c+/9a) egin du.
Zabalak etxetik minutu batzuetara duen koban jo eta su jardun du. Helburua “Solaris” (8a+) izan da. Ez da berria, ezta gutxiagorik ere. Duela hamarkada bat baino gehiago zabaldu zen, eta garai hartan zein gaur egun bloke hori egin dutenek gogorra dela baieztatu izan dute. Bada, hamar mugimendutik pasatzen ez den “Solaris” hori bere zerrendan sartu du dimoztarrak. Ez da harritzekoa, beraz, dimoztarraren poza. Izan ere, Euskal Herrian zein gure ingurumarian horrelako lorpenak ez dira ikusten.
Bitartean, Araotzeko bere txokoan, Mendietak jo eta su jardun du helburu gogor batean. “Eskerrik asko” du izena. Berez, bloke hori aspalditik du patrikan, baina hari luzapen bat gehitu dio. Eta pasa den azaroan bloke horren korapilo guztiak askatu eta ondoren guztiak lotzea erdietsi zuen. Bloke horrentzat 8c proposatu du. Mendietak aurreratu du “Eskerrik asko” egiteko erresistentzia landu behar izan duela. Arrasatearrak argi dauka bloke hori gainditu ahal izateko hasiera-hasieratik oso fin ibili behar dela.
Eta azken protagonistak, Pouk, beste biek ez bezala zeharkaldi baten aldeko apustua egin du. Baltzolako klasikoa da: “La trave de Arroita”. Duela hamarkada pasatxo hura egitea lortu zuen. 40 mugimendu baino gehiago eta 18 metro ditu, eta haren zailtasuna 8c da (zeharkaldien eskalan). Ondoren, Pou gai izan zen zeharkaldi horren aldaera bat egiteko; zailagoa baina gradu berekoa. Baina protagonista honi “La trave de Arroita”-ren bertsio zailena eta naturalena egitea falta zitzaion. Hots, itsatsita duen harria erabili gabe. Harri hori ukitu gabe zeharkaldi osoa egin zuen lehena Dani Andrada izan zen, eta bertsio berriarentzat 8c+/9a proposatu zuen. Erresistentzia handia eskatzen duen ariketa horren bigarrena Iban Larrionena izan zen. Eta pasa den azaroan, Pouk buruan zuen xede zahar horren hirugarrena lortu zuen.
Zerainek, bederatzigarrena
Alberto Zerain Manaslu mendiko (8.163 m) tontorrera iritsi zen urriaren 4ean. Mendigoizalearen bederatzigarren zortzimilakoa da —hamalau dira guztira—. Igoera oso gogorra izan da, haize zakarrak eta eguraldi makurrak saialdia asko zaildu dutelako. Hamabi orduko igoeraren ondoren zapaldu zuen gailurra.
Alberto Zerain 2x14x8000 espedizioaren barnean igo zen Manaslura. Juanito Oiartzabalekin batera abian jarritako egitasmoa da, baina, Oiartzabalen osasun egoera dela tarteko, bakarrik bidaiatu du oraingoan. Irailean hasi zuen Manasluko (Nepal) espedizioa, eta ez da batere erraza izan; besteak beste, duela sei egun tontorrerako bidez aldatu behar izan zuelako
Laugarren kanpamentutik aurrera, Zerainek Galvanek utzitako lorratza jarraitzeko aukera izan zuen. Laguntza handia izan zen, mendizale gasteiztarrak azaldu zuenez, haize zakarrak ikusmena asko zailtzen zuelako. Mendi ertzean gora abiatu zen zen tontorrera Zerain. Ordurako, Galvanek gailurra zapaldua zuen, eta beherako bidea hasia. Tontorretik gertu gurutzatu ziren.
Zerain Euskal Herrian 12:30 zirenean heldu zen tontorrera. Minutu gutxi egin zituen bertan. Eguraldi makurrarekin ezinezkoa zen han luzaroan egotea, haizearen erruz hotz handia egiten zuen. Jaitsiera bizkorra egin zuten mendizaleek, hori zen asmoa. Eguraldi horrekin onena zuzenean oinarrizko kanpamentura jaistea zela ikusi zuten.
«Marejada Fuerza 6» bideak puntu gorria jaso berri du
Picu Urrielluko mendebaldeko paretan duela 31 urte zabaldutako marra (A4) askatu dutenak Eneko eta Iker Pou anaiak eta Neus Colomizan dira. 12 orduko saioan eskalatu dute. Gehienez 8a+ zailtasuneko luze bat gainditu behar izan dute arrisku handiko ahaleginean.
ARRISKUTSUA
Nahiz eta zailtasun teknikoari dagokionez gehienez ere 8a+ den, Pou anaiek benetako garrantzia ematen diote bai bideak duen arriskuari bai eskatzen duen konpromisoari.
EGUNEAN
Hiru hilabeteko lana izan da, eta aldez aurretik luze guztiak banan-banan kateatu zituzten. Alabaina, helburu nagusia behetik hasita egunean eskalatzea zen, eta azken saioan 12 orduan lortu dute.
ERA ASKEAN
Neus Colomek eta Eneko eta Iker Pou anaiek Picu Urrielluko mendebaldeko paretan dagoen «Marejada Fuerza 6» bideari puntu gorria jarri diote.
Alberto Zerainek Dhaulagiriko gailurra zapaldu du
Erronka hau 2x14x8000 proiektuaren barruan kokatzen da eta Juanito Oiarzabalekin batera, munduko 14 zortzimilakoak birritan igotzea du helburu.
Alberto Zerain eskalatzaile arabarrak Dhaulagiriko (8.167 metro) gailurra zapaldu du, bere zortzigarren zortzimilakoa. Hamar ordu baino gehiago behar izan ditu mendizale gasteiztarrak, eta lortutakoa Juanito Oiarzabali eskaini dio, neumoniak jota, igoera bertan behera utzi behar izan zuena.
Mariano Galvan argentinarrarekin batera lortu zuen tontorra. «Intentsitate handiko igoera izan da. Oso gogorra izan da, haizearen eta pilatutako elurraren eraginez».
Oiarzabal eta Zerain mendizale arabarrek apirilean martxan jarri zuten 2x14x8000 espedizioa, munduko 14 zortzimilakoak birritan igotzea helburu duena. Horretarako Dhaulagiri, Broad Peak, Shisha Pangma eta Nanga Parbat igo beharko dituzte.
Juanito Oiartzabalek berehala zoriondu zuen Zerain, Dhaulagiriko beheko kanpalekutik. «Izugarri poztu naiz albistearekin; ondo merezita daukazu. Hemendik, lagun, zorionak, eta eskerrik asko igoera honen parte bihurtzeagatik. Itzuliko gara».
Euskal Mendizaletasunaren Museoa
Harreman estua eta antzinakoa da euskal herritarrek mendiarekin dutena. Horrek, urteen poderioz, hainbat material sortzea eragin du: argazkiak, dokumentuak, kirol materiala… Bada material hori guztia jaso, kontserbatu, zaindu eta erakusteko bat egin dute Aranzadi Zientzia Elkarteak eta EMMOA Fundazioak.
“Euskal mendizaletasuna babesteko”. Hala bataiatu dute EMMOA Fundazioak (Euskal Mendizaletasunaren Museoa) eta Aranzadi Zientzia Elkarteak sinatu duten hitzarmena.
Hitzarmena, beraz, memoria historikoan espezializatua dagoen elkarte batek eta Euskal Mendizaleen Federazioaren babespean mendiak utzi duen ondare historikoa biltzeko asmoz jaio den fundazioak sinatu dute. Helburu nagusia 100 urtez baino gehiagoz alpinistek, eskalatzaileek, eskiatzaileek eta abarrek sortutako milaka argazki, dokumentu eta kirol material gorde eta herritarrek kontsultatu ahal izateko moduan jartzea litzateke. Hori, Aranzadik Donostiako Intxaurrondo auzoan izango duen egoitza berrian egin ahal izango litzateke.
Hitzarmenaren ondorioz, urteetan zehar mendia zapaldu duten belaunaldi ezberdinen «sekretu, usain, bizipen eta abarrak» jaso eta hurrengo belaunaldiei transmititzeko moduan izango dira. Ildo horretan, memoria historikoa jasotzeari dagokionez urteetan pilatutako esperientzia guztia jarriko du EMMOAren esku Aranzadik.
Behin martxan, baina, mendiari loturiko ondasunei dagokionez museoa erreferentzia gune garrantzitsu bilakatuko da. Mendiak ezagutzeaz batera, bertan izan diren mendizaleak ezagutzeko aukera ere emango du museoak.
Aranzadik Intxaurrondo auzoan izango duen egoitza berrian egongo da EMMOAren material guztia. Donazio bidez funtzionatuko du Euskal Mendizaletasunaren Museoak. Horren lekuko, Alex Txikon, Alberto Zerain edota Juanito Oiarzabalek egin dute jada euren donazioa
Txikonen oinatza historian (2016komartxoa)
Alex Txikonek Nanga Parbaten (8.125 metro) neguko lehen igoera lortu du, Simone Moro italiarrarekin eta Ali Sadpara pakistandarrarekin.
Gogoangarria izango da Alex Txikonek Pakistanen egindako. Aurrerantzean, alpinista lemoarraren izena ere egongo da zortzimilakoen neguko lehen igoerak egin dituzten alpinista handien zerrendan. Guztiak baitira alpinista eta izen handiak: poloniarrak gehienak (Krzystof Wielicki, Jerzy Kukuczka, Adam Bielecki…), Simone Moro italiarra, Denis Urubko kazakhstandarra eta Cory Richards estatubatuarra. Txikonek Nanga Parbaten (8.125 metro) neguko lehen igoera lortu du, Simone Mororekin eta Ali Sadpara pakistandarrarekin batera. Espedizioko laugarren kideak, Tamara Lunger italiarrak, atzera egin zuen gailurrera iristear zela. Nanga Parbat igoz gero, lehen emakumea izango litzateke zortzimilakoen lehen igoeren zerrendan.
Hamar ordu behar izan zituzten igotzeko eta sei laugarren kanpalekura bueltatzeko. Txikonek eta sokalagunek zortzimilako bat igo dute, Txikonen hamaikagarrena. Baina neguan igo dute. Hotza hotzago denean, haizea haizeago eta ekaitza ekaitzago. Mendia bera da, baina neguak aldatu egiten du.
Goi mailako alpinismoa neurri batean urruntzen ari da zortzimilakoetatik, zortzimilakoetatik beherako erronka berrien bila, zortzimilakoetan egin daitekeen gehiena eginda dagoelako. Hala ere, zormitzilakoetan lortzeke zeuden erronken artean baziren bi nabarmen: Nanga Parbaten eta K2ren neguko igoerak.
Bilbao Mendi Film Festival jaialdiak
Bilbao Mendi Film Festival 2015eko irabazlea “Unbranded” izan zen. Hauxe da gainontzeko irabazleen zerrenda: “Urzulo” Euskarazko Film Onena, “High and mighty” Film Labur Onena, “Sunakali” Kultura eta Naturari buruzko Film Onena, “Jurek” Alpinismoko Film Onena, Eliza Kubarska zuzendari onena, “A line across the sky” Eskaladako Film Onena, “Reach your limits” Kirol eta Abenturazko Film Onena, “Snowman” Gidoi Onena, “Meru” Argazkilaritza Onena, “Suspentes et cordes de violon au Pakistan” Epaimahaiaren Saria eta “Jeff Lowe’s Metanoia” Ikuslearen Saria.
Honako hauek dira pelikula batzuen ezaugarriak:
‘Jeff Lowe´s Metanoia’: Ikuslegoaren saria. 2014, USA, 78 min, JB: EN, AZP: EU+ES, Jim Aikman. Jim Aikman-ek Jeff Lowe alpinista ospetsuaren bizitza kontatzen du: bere igoera utopikoekin kirol honen gailurrean iritsi zenekotik hasi, mendiko bakarkako eskalada ausartenak eragin zuen gainbeheratik igaro, eta gaur egun pairatzen duen endekapenezko gaixotasunera heldu arte. ‘Metanoia’-k, Jeff-en bide imajinaezin berriak (Eiger-eko ipar horman negu gorrian bakarka), bere bizitza aldatu zuen eta inoiz bizi izan duen abentura handienerako prestatu zuen.
High and Mighty: Laburmetraia onena. 2015, USA, 18 min, JB: EN, AZP: ES+EU, Nick Rosen. Erortzeak lesio larriak eragin ditzakeeneko ‘Highball’ bat eskalatzea ez da jende ahularentzat. Modalitate abangoardista honi zailtasun maila igotzen badiogu, kontrola zeharo galdu daiteke. Ezagutu ezazu Daniel Woods-en borroka epikoa beldurra gainditzeko eta hautatu duen ‘Highball’a eskalatzeko: ‘The Process’.
Jurek: Mendiko film onena. JB: PO, AZP: ES+EU, 2015, Polonia, 73 min, Pawel Wysoczanski. Dokumentalak Jurek Kukuzka-ren bizitza erakusten du, bai literalki bai metaforikoki. Oinetako garbitzailea izatetik aberatsa bilakatzera, langile sozialista izatetik hedabideen izarra bihurtzera, dirurik eta baliabiderik gabe igotzen hastetik ‘Himalaiako koroa’ lortzen lehena izateko lehian egotera.
A line across the sky: Eskaladako film onena. 2015, USA, 40 min, JB: EN, AZP: ES+EU, Josh Lowell. Fitz Roy-ren zeharbidea bilatuenetarikoa da gaur egungo alpinismoan: zazpi gailur eta 4.000 metroko eskalada bertikala dituen bidaia korapilatsua. Nork imajinatu zezakeen hain dibertigarria izan zitekeela? Elkartu zaitez Tommy Caldwell eta Alex Honnold-ekin Urrezko Pioleta irabaztera eraman zituen bidaia interesgarri – eta batzuetan barregarri- honetan.