montemayor-kruzeta-repiko

Oraingoan Araba aldera abiatuko gara. Bertan, Arkamu mendilerroko Montemayor 1104, Kruzeta 1169 eta Repiko 1188 mendiak zapalduko ditugu.

Arkamu Arabako mendebaldean eta —zati txiki bat— Burgosko probintziaren ipar-ekialdean dagoen mendilerro karstikoa da. Mendilerro honek Kuartangoko harana (iparraldean) eta Erriberagoitia (hegoaldean) banatzen ditu. Halaber, Badaiako mendilerroaren ondoan dago; bi mendilerrook Tetxa edo Subillako haitzarteak banatzen ditu.

Mendilerro honek ez dauka gailur nabarmenik. Tontor guztiak 1.100 metro ingurukoak dira, garaiena Repico izanik. Ekialdetik mendebaldera hedatzen da, Subilla Morillasen dagoen Tetxako haitzartetik hasi eta garaiera irabazten doa mendebalderantz. Hegoaldean malda etzanagoz osaturik dago, baina iparraldean labar pikoak osatuz jaisten da Kuartangoko haraneraino. Nabarmena da klimaren eragina Arkamuko landaredian: hegoaldean artadiz estalita dago, eta iparraldean pagadiak dauzka goiko estaietan eta pinu gorria beherago.

Karaitzez eratutako paisaiaren erdian kokatuta dago Repiko, baina gain apaleko mendia da. Aipatzekoak ingurune horretan ugariak diren leize zuloak eta ekialdean zabaltzen den Nabazuako ordeka lasaia, larre behi ugariren bazkaleku. Ingurune karstikoan kokatutako gain apala dugu Kruzeta, paisaia horri dagozkion osagaiekin: leizeak, karaitza eta honen gainean zaildutako landaretza urria. Larrebehi ugari izaten da tontor karstiko hauen arteko ordokietako larreetan eta badira hauentzat egindako zenbait putzu artifizial, mendia urratuz. Iparralderago amildegi bortitz batek ebakitzen du Kruzeta jasotzen duen Arkamuko mendikatea eta amildegi horren ertzean bada horma alderik alde zeharkatzen duen zulo handi bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude