
Oraingo txangoan Gipuzkoa aldera egingo dugu, Zaraia mendilerrorantz, Andarto eta Aranguren gailurrak zapalduz, Degurixako landa ikusgarria gurutzatuz.
Andarto Gipuzkoako hegoaldean dagoen mendia da. Zaraiako mendilerroan dagoen mendietako bat da, Deguriako haranean kokatua. Oñati eta Aretxabaleta arteko mugan dago, aipaturiko Deguriako haranaren ipar-ekialdeko muturrean. 1.074 metroko altuera du.
Aranguren, Degurixako (Leintz bailara) belardi eta ingurumariak zaintzen dituen gailurra, Eskoriatzako lurretan dagoena, Elorreta (1.141 m) eta Andarto (1.074 M) ezagunagoen artean. Inguru karstiko honek interes geologiko berezia du, besteak beste Degurixako Poljea. Poljeak sakonuneak dira, irteerarik gabeko haran luze eta itxiak, arroka karstikoko mendiguneetan sortzen direnak. Harana ixten duten maldak handiak izaten dira eta haran osoko urak erdigunean biltzen dira, lurrazpiko zulo batean zehar “desagertuz” (arroka karstikoek xurrupatu egiten dute ura). Oso ohikoa izaten da harana urez betetzea eta aintzirak sortzea, bertako fauna eta floraren ezaugarrietan eraginez. Degurixako poljea inguruko artzainen bilgune izan da azken mendeetan eta zenbait artzain-txabola ere aurkituko ditugu oraindik bertan.